Beskoitzeko ikastolako familiekin elkartasuna

Hedabideen bidez jakin dugunez, igande goizean Beskoitzen (Lapurdi) hilkutxa bat agertu zen herriko etxe aitzinean, “Euskara ?-2040” idatzirik eta lore pote bat gainean zuela.

Ez da lehen aldia halako ekintzak gertatzen direla. Berrikitan laborariek egin duten gisan, edo lehenago sindikatuek egin izan duten gisan, gisa horretako hilkutxek gaur egun arlo ezberdinetan Frantziako Estatuak eta tokiko erakundeek daramaten politikaren ondorio lazgarriak bistarazten dituzte. Hizkuntza politikari dagokionez, gaur egungo politika linguizidek euskara hilobirako bidean ezartzen dutela begien aitzinean agerrarazi du ekimen horrek.

Baina prefeturak nahasmendua sortzea erabaki du, eta hautetsiak intimidatzeko ekintza bat zela adierazi du Frantziako hedabideetara zabaldu duen agiri batean. Julien Charles Pirinio-Atlantikoetako prefetaren jarrera onartezina da.

Bada hilabeteak, Beskoitzeko ikastolak, Seaskak, euskalgintzak eta jendarteak oro har, botere publikoei afera honetan esku har dezatela galdegiten diegula. Frantziako Estatuak, kontratupean duen ikastola defenditu ordez, hiru hilabeteren buruan arrazoirik gabe eskolarik gabe geldituko diren haurren eskubideak defendatu ordez, Beskoitzeko herriko etxearen jarrera babestea erabaki du. Eta ikastolaren kontra egiteko nahitarako nahasmendua sortu du gertakizun honen bidez, nahitarako loturak eginez.

Prefeta jauna, ez dira hautetsiak mehatxupean Euskal Herrian, euskara da mehatxupean, ikastola da mehatxupean, burasoak eta familiak dira mehatxupean!

Agiri honen bidez, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu euskaraz ikasteko erabakia hartu duten
Beskoitzeko ikastolako familiei.

Bide batez Frantziako Estatuari, herriko etxeari eta tokiko erakundeei, Euskararen Erakunde Publikoari dei egin nahi diegu, euskararen biziraupena segurtatzeko neurriak oraindanik har ditzaten, euskararen biziberritzea helburu izanen duen egiazko hizkuntza politika baten martxan ezartzeko.

Baiona, 2024ko martxoaren 13a

Share this content: