Senatua
Prentsagiriak

Senatua eta euskarazko irakaskuntza

Joan den abenduaren 10ean Paul Molac diputatuaren lurralde hizkuntzei buruzko lege proposamena onartu du Senatuak. Gehiengo zabalez onartu dute senatariek, egungo gobernuak hizkuntza gutxietsien garapenarekiko erakutsi borondate-ezaren kontra, Jean-Michel Blanquer hezkuntza ministerioen hitzek erakutsi bezala.

Bertan lurralde hizkuntzazko eskaintzaren orokortzea edota murgiltze ereduaren aitorpen ofiziala irakasteko manera gisa ahalbidetzen duten artikuluak agertzen dira. Espagnac eta Brisson Ipar Euskal Herriko senatariak eskertzekoak dira, aurkeztu dituzten emendakinengatik eta beste parlamentariekin eraman elkarlanarengatik.

Lege proposamen hau euskarazko irakaskuntzaren aldeko urrats inportantea da eta Euskararen Erakunde Publikoak “belaunaldi gazteak lehentasuntzat” hartuz “hiztun osoak sortzeko” duen helburua errextuko luke. Bestalde, murgiltze erakaskuntza testuetan sartuz, azken urteotan eskola publikoan murgiltze klaseen idekitzeak direla eta behin eta berriz errepikatzen diren tirabirak eztitzen lagunduko luke. Izan ere, EEPk abiatu desmartxa horren kontra egiten du frantses gobernuak sasi-aitzakiak atxemanez (konstituzioaren kontrakoa, frantsesaren menperatze eskasa…). Joan den ostegunean Senatuak Blanquer ministroaren hitzak argi izan dira: “Murgiltze ereduaren esperimentazioa salbuespen gisa ikusi behar da, eskaera zilegiaren ondorioz eta koadro batean kokatzen den salbuespena, iraupen zehatza duena”. Badu aspaldi Euskal Konfederazioak eskaintzaren orokortzea aldarrikatzen duela, murgiltze eredua euskararen irakaskuntzan toki zentrala baitu eta, Frantzia mailan edo toki mailan eraman ebaluaketen emaitzek erakutsi bezala, modelo hori eraginkorrena baita ikasleek hizkuntzaren menperatze ona izan dezaten, frantses mailan duten maila kaltetu gabe. Komeni da beraz irakaskuntza mota hau “salbuespenekoa” ez izatea eta, alderantziz, lagundua eta garatua izatea. Senatuan onartu diren zuzenketei esker, Ipar Euskal Herriko eskola guziek euskarazko irakaskuntza eskaini beharko lukete, gaur egun eskolen %60 baizik ez denean elebidun edo murgiltze ereduan. Burasoen esku litzateke orduan heien haurrak euskaraz ikas dezaten erabakitzea edo frantses hutsean segi dezaten erabakitzea. Bainan lehen mailako irakaskuntzatik haratago, beharrezkoa da ere bigarren mailan orenparekotasuna gauzatzea eta lizeo erreformak eragin desmasiak zuzentzea (azken bi urte hauetan %50eko galtzea euskara opzioan hartu zuten ikasleetan). Azkenik, Senatuaren beste emendakin batek eskola elebidunik ez duten herriko etxeak dirulaguntzak ematera behartzen ditu, herriko haurrak euskaraz eskolatuak diren ondoko eskolei.

Irakaskuntzatik kanpoko beste emendakin bat ere bozkatu dute senatariek: azken urteotan herriko etxeetan euskal izenak ezartzeko arazoak izan dituzte euskal familiek, izen horiek ñ letra zutelarik. Gisa horretan Eñaut, Iñaki, Anamari edo Iñigoren ordez, paperetan Enaut, Inaki, Anamari eta Inigo inposatu dituzte. Ostegunean onartu beste emendakin hori egoera zuzentzea ekarriko du.

Bainan egiazko aitzinamenduak izan daitezen, heldu den apirilaren 8an lege proposamena Senatutik atera bezala onartu behar du Legebiltzarrak, bigarren irakurketan. Gaurdanik Ipar Euskal Herria ordezkatzen duten hiru diputatuak aldeko botoa ematera deitzen ditugu, baita ere beren talde parlamentarietako diputatuei begirako lana eramatera, azken hauek ere alde bozka dezaten.

Baiona, 2020ko abenduaren 16a