20 neurri konkretu, agintaldiaren lehen urtetik herriko etxeek ere euskararen alde eragiteko
1/ Helburuak
2026ko bozen karietara, Euskal Konfederazioak “Euskararen aldeko engaiamenduaren barometroa” tresna aurkezten du. Galdetegi formatua duen tresna horren bidez, Ipar Euskal Herriko lurraldeetako herrietan aurkezten diren zerrendek euskararen alde duten engaiamendua erakusteko aukera dute, 20 neurri konkreturen inguruan posizionatuz.
20 neurri konkretu horiek bost ardatzetan banatzen dira:
- Hizkuntza politikaren baliabideak (lau neurri)
- Euskararen transmisioa (lau neurri)
- Euskararen erabilera (lau neurri)
- Euskararen prestigioa (lau neurri)
- Euskararen ikusgarritasuna (lau neurri)
Tresna hori hauteskundeak aitzin da baliagarri -zerrendei hizkuntza plana egituratu eta orekatua hobeki gogoetatu eta artikulatzeko aukera ematen baitie-, baita ere hauteskundeen ondotik, bozak irabaziko dituzten zerrendek euskararen aldeko neurri konkretu eta eraginkorrak agintaldiaren lehen urtetik har ditzaten.
2/ Prozedura
Urtarriletik martxoaren 1a arte, Euskal Konfederazioak weborri berezi bat idekiko die zerrendei, inprimaki baten bidez beren engaiamenduak zehaztu ditzaten:
https://labur.eus/barometroa-euskara
Gorago aipatu 5 ardatzetan zer engaiamendu/neurri konkretu hartzeko prest diren zehaztu beharko dute hautagaiek. Bestalde, hautatuko duten neurri bakoitz, hautagaiek testu labur baten bidez zehaztu beharko dute engaiamendu horren obratzea nola aurreikusten duten. Era berean, neurri batean ez engaiatzeko arrazoinak ere ematen ahalko dituzte, nahikeria eskasa edo egingarritasun teknikoa den neurtu ahal izateko.Azalpen hori hauteslearentzat interesgarria izateaz gain (Euskal Konfederazioak galdetegien emaitzak publiko eginen ditu lehen itzulia aitzin), bozak irabaziko dituen zerrendarentzat lagungarri izanen da hizkuntza plana eraikitzerakoan herriko kontseilu berria xutik ezarri bezain laster.
3/ Hogei neurriak
Hizkuntza politikaren baliabideak
- 01. Euskara teknikari postua sortu / egonkortu
- 02. Euskara batzordea sortu / egonkortu
- 03. Euskararentzat berezko aurrekontua bozkatu
- 04. Euskara plana eraiki eta bozkatu
Euskararen transmisioa
- 05. Herriko etxeko agenteak euskaldundu
- 06. Eskolen euskarazko irakaskuntza eskaintza garatu
- 07. Helduen euskalduntzea lagundu (egoitza, beka…)
- 08. Lehen haurtzaroaren euskarazko harrera garatu
Euskararen erabilera
- 09. Euskarazko zerbitzu eskaintza garatu Herriko etxean
- 10. Euskarazko aisialdi eskaintza garatu
- 11. Elkarte eta saltegiak euskararen erabiltzera akuilatu
- 12. Herritarrek euskara mintzatzeko espazioak eta aukerak sortu
Euskararen prestigioa
- 13. Euskararen aldeko ekimenetan parte hartu (Euskararen urtaroa, Korrika, Euskaraldia)
- 14. Agente eta hautetsiak euskararen erronkei formatu eta sentsibilizatu
- 15. Herritarrak sentsibilizatzeko komunikazio kanpaina masiboa egin
- 16. Euskararentzat ezagupen ofizial bat bozkatu
Euskararen ikusgarritasuna
- 17. Herriko komunikazioan euskara molde orekatuan erabili (aldizkari, web, gutun…)
- 18. Hizkuntza paisaia euskaldundu (eraikin publikoak, seinaletika…)
- 19. Euskal Hedabideetan komunikatu (iragarkiak)
- 20. Soinu paisaian euskara molde orekatuan erabili (telefono harrera, igogailu…)
4/ Engaiamendu gehigarriak
Proposatzen diren 20 neurri horietaz gain, hautagaiek aurreikusten dituzten beste neurri batzuk zehazteko parada dute ondoko lerroetan. Engaiamendu gehigarri hauek ere eginen ditu publiko Euskal Konfederazioak.
Share this content: