Euskararen Erakunde Publikoko biltzar nagusia apirilaren 8an bildu zen eta egun hartan Euskal Konfederazioko kideak bilkuran sartu ziren, present ziren ordezkariei proposatzen zitzaien aurrekontua ez zezatela bozka eskatzeko, ikusiz emendatzerik ez zela aurreikusten (aurrekontu berdina 2017tik), Euskal Konfederazioak euskalgintzako eragile nagusiei banatzen zaien dirulaguntza kopuruaren bikoiztea eskatzen zuelarik.
Ordezkariek aurrekontua hala ere bozkatu zuten bainan egun hartan, bilkuratik ateratzean, EEPko lehendakariak berak aitortzen zuen instituzioen arteko solasa « porrot kolektiboa » izan zela, lau instituzioek ez baitzuten lortu ados jartzea aurrekontua emendatzeko (instituzio bakoitzak 1/4z osatu behar du aurrekontua).
Bestalde, « indar handiagoak » egin behar zirela eta « baliabiderik gabe ezin dela urrunago joan » gehitu zuen, jakinaraziz ere sei hilabeteko solasa hasiko zela « bakoitzak laguntza gehigarriak jar ditzan ».
Atzo urriaren 17an EEPko biltzar nagusia berriz bildu da eta ikusi dugun bezala Estatuak, Akitania Berriak, Departamenduak eta Euskal Elkargoak ez dute lortu ados jartzea EEPko aurrekontua emendatua izan dadin. Atzo EEP egitura urte batez bakarrik luzatzea erabaki dute, besteak beste aurrekontuaren inguruan posizio amankomuna lortzeko.
Euskal Konfederazioak baikor izaten segitu nahi du bainan idekitzen den urte bateko fase horrek emaitza positiborik izanen ote du ikusten dugularik joan den urtean (2023ko urrian hasi zen) abiatu instituzioen arteko solasalditik deus ez dela atera?
Gaur egungo diru baliabideekin (eta planifikazio zehatzik gabe), EEPk ekainean aurkeztu prospekzio soziolinguistikoaren helburua (hots hemendik 2050era hiztun kopurua %30ekoa izatea, hots 40.000 euskaldun gehiago euskararen biziraupena segurtatzeko) ezingo da bete.
Eta anartean egunerokoan hiztunak sortzen eta euskararen erabilera areagotzen diharduten euskalgintzako elkarteek prekaritatean segituko dute lanean.
Euskal Konfederazioa erne egonen da eta zaintza lana egiten segituko du euskarak behar bezalako hizkuntza politika ukan arte.
Baiona, 2024ko urriaren 18a
Share this content: