Heldu den irailaren 10ean, Gorka Torre berriz epaituko dute Baionako auzitegian, Baionako suprefeturako
hormetan Herribiltza Kolektiboak bere gain hartu “Geldi euskara zapaltzea – Arrêtez d‘opprimer la
langue basque” tindaketa agertu ondotik.
Lau hilabetetan bigarren aldiz epaituko dute Gorka Torre Kolektibo horretako kidea. Agiri honen bidez
Euskal Konfederazioak Gorkari babes osoa erakutsi eta horren kontrako jazarpena salatu nahi du.
Egunerokoan euskaldunok Euskal Herrian euskaraz normaltasun osoz ezin dugularik bizi, frantses
Estatuko ordezkariek eta ministeritzek hobe lukete euskara bezalako hizkuntza gutiagotuen garatzea
ahalbidetzen duten gaur egungo lege apurrak aplikaraztea holako auziak tramitatzeko denbora eta sosa
xahutzeko partez.
Bestalde, Baionako auzitegiko epaileei idatzi gutun ideki batean, Gorkak bere burua euskaraz defenditzen
uzteko eskaera egin du, hori maiatzeko auzian errefusatu ziotelarik. Nun da Frantziak hainbestetan
goraipatzen duen “Berdintasuna” frantsesdun batek bere burua frantsesez defenditzen ahal duelarik bainan
euskaldun batek ezin duelarik euskaraz mintzatu Euskal Herriko auzitegi batean? Nolaz duela zenbait urte
lurralde hizkuntzetako hiztun batzuek -bat bateko itzultzaile baten laguntzaz- beren hizkuntza baliatzen
ahal zuten auzitegian (Ipar Euskal Herrian, Alsazian) gaur egun eskaera sistematikoki errefusatua delarik?
Alta auzi haietatik hona botere publikoak hizkuntza politika publikoak egituratzen hasi dira, lurralde
hizkuntzak frantses Konstituzioan sartu dira, etab… Zenbait sektore eta administrazio publikotan euskara
bezalako hizkuntzek aitzina egin eta egiten segitzen badute ere, beste batzuetan gibel egiten dute,
berreskurapen prozesua trabatuz eta hiztunen eskubideak zangopilatuz.
Arrazoi horiengatik Euskal Konfederazioak euskaltzale guziak deitzen ditu auzi egunean (irailaren 10ean)
antolatua den elkarretaratzera joatera.
Baiona, 2024ko irailaren 3a
Share this content: