Dokumentuak

Hautagaien engaiamendua

“Ipar Euskal Herrian euskararen berreskurapen-prozesua eta garapena lurralde kolektibitate guziek martxan ezarriko dituzten hizkuntza politika publikoei hertsiki lotuak dira. Hain zuzen, 2015eko abuztuaren 7ko NOTRe legearen 104. artikuluak zera zehazten du: “lurralde hizkuntzen promozioaren ardura herrien, departamenduen, eskualdeen eta estatutu bereziko kolektibitateen artean partekatua da”.

Bada hogei urte herriko etxe batzuek euskararen aldeko politika garatzeko engaiamendua hartu zutela, izan Euskal Konfederazioarekin hitzarmen bidez engaiatuz, izan berrikiago, Euskararen Erakunde Publikoarekin hobekuntza-kontratuak izenpetuz. Halere, aitzinapenak ez dira izan nahi beste.

2018an Euskara Jalgi Hadi Plazara dokumentua bozkatu zen eta Euskal Hirigune Elkargoaren hizkuntza-politika finkatu zen. Dudarik gabe, parada ezin hobea dugu Herriko Etxeetan euskarari bultzada azkarra emateko, herriko etxeak euskararen garapenean estrategikoak direlako. Ondoko sei urteei begira baldintza egokiak ikusten ditugu gure herriko etxean, hizkuntza-politika planifikatuak abian jarri eta neurri zehatzak bideratzeko.

Zentzu horretan Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa: Garapena Herriko Etxeetan dokumentua gure esku jartzen dute tresna gisa, eta erreferentzia gisa erabiliko dugu. Dokumentu horretan herri mailako hizkuntza-politikan sakontzeko neurriak zehazten dira, hala nola, herritarrei euskarazko zerbitzua eskaintzeko eta herriko langileei euskaraz lan egiteko aukera emateko ere.

Dokumentu hau izenpetzen dugun hautagaiok aitortzen dugu:

  • Euskararen garapenerako hizkuntza-politika arloan herriko etxeak duen erantzukizuna
  • Hizkuntza-politikaren gauzapenean gizarte eragileek egiten dituzten ekarpenak.

Horregatik, honako engaiamendu hau hartzen dugu:

Hautetsi izango garen herrietan, ondoko sei urteetan, euskararen garapenaren aldeko hizkuntza-politika planifikatuak abian ezartzea eta garatzea. “

Sarean izenpetu.