Prentsagiriak

Paul Molac lege proposamena

Joan den azaroaren 30ean Pour que vivent nos langues kolektiboko kideak Parisen biltzen ginen Jean-Michel Blanquer hezkunde ministroaren lizeoetako erreformaren kontra eta murgiltze ereduaren kontrako erranak salatzeko.

500 bat pertsona bildu zituen elkarreteratze honez geroztik, Euskal Konfederazioa kide den Kolektiboko eragileek biltzen segitu dugu eta bitartean, “Libertés et Territoires” taldeko beste 18 diputaturekin batera, Paul Molac diputatuak lurralde hizkuntzen aldeko lege proposamena pausatzen zuen Asanbladan abenduaren 30ean.

Bederatzi artikulutako lege proposamen honek 3 arlo jorratzen zituen: lurralde hizkuntzak ondare gisa, irakaskuntza eta lurralde hizkuntzen erabilera zerbitzu publikoetan (seinaletikan eta estatu zibileko aktetan).

Lege proposamena Asanbladako Kultur batzordean aztertu dute joan den astean: 9 artikuluetatik 7 kendu dituzte (besteak beste irakaskuntzari lotu guziak) eta bi atxiki: lehena ondareari buruz eta zortzigarrena seinaletikari buruz, bi hauek ez luketelarik funtsean deus berririk ekarriko onartuak izanez gero (lehenak ez baitu zehazten lurralde hizkuntzen irakaskuntza, promozioa eta garapena… konkretuki nola lagunduko liratekeen, eta bigarrena jadaneko ongi garatua den seinaletika elebidunari buruz bakarrik baita).

Hala ere, lege proposamen horrek eginen duen bidea segitzekoa da, besteak beste joera politiko desberdinetako parlamentariak Asanbladan eta Senatuan iraganen diren eztabaiden bidez nola posizionatuko diren ikusteko (lehen irakurketa Asanbladan ostegun honetan, otsailaren 13an) eta proposamena hobetzeko emendakinik eginen duten jakiteko.

Bestalde, interesgarria da ere ikustea beste behin terrenoko mobilzazioak zenbait parlamentari mugitzera behartzen dituela eta lurralde hizkuntzen gaia mahai gainean atxikitzen ahalbidetzen duela. Asanbladan eta Senatuak eztabaidak eta bozkak iragan bitartean, Pour que vivent nos langues bezalako egituretan herri mugimenduak mobilizaturik segitzen du, euskara eta gainerateko hizkuntza minorizatuak garatuagoak izan daitezen eta hiztunen hizkuntz eskubideak aitortuak eta errespetatuak izan daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude