Dokumentuak

Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloa: Garapena Herriko Etxeetan

2016ko abenduaren 16an, urte eta erdiko prozesuaren ondotik, Europako hogeita hamar hizkuntza komunitatetako ehun eragile baino gehiagok eginiko proposamenekin Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu genuen Donostiako Kursaal jauregian. Europan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten gizarte eragileek inoiz egin izan duten ariketarik erraldoienaren ondorioa izan zen Protokoloa. Adostasunetik gure eskubideak bermatzeko neurri-zerrenda prestatu genuen. Horrela, hizkuntza-eskubideak bermatzeko kontuan hartu beharreko 185 neurri biltzen dituen dokumentua osatu genuen: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP).

Eskubideen definizioari dagokionez, Protokoloak 1996an Bartzelonan onartutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala izan zuen abiapuntu. Esan dezakegu, beraz, Protokoloak jasotzen dituen 185 neurriak betetzeak ondorio bat eraginen lukeela, hain zuzen ere, hizkuntza-komunitateari Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak aitortutako eskubideak bermatzea.

Protokoloa eskutan, beste urrats bat egitea beharrezkoa zela ikusi zen. Protokoloaren balioa hizkuntza-komunitate desberdinetako proposamenak biltzeko parada izan bazen ere; horrek, halabeharrez, hizkuntza zehatz baterako aplikazioa lantzea eskatzen zuen. Horregatik, nahitaezkoa ikusi zen Protokoloa euskararen ikuspegitik irakurtzen lagunduko zuen tresna sortzea. Ororen buru, Protokoloaren Euskal Herriko Garapenak neurri bakoitzaren inguruko zehaztapenak jaso zituen. Euskararen beharretatik neurri bakoitza bete ahal izateko ezaugarri eta irizpide sorta zehaztu zen.

Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea da herriko etxea. Herritarrek hurbilen sentitzen dutena dela esango genuke, izan ere, egunerokotasunean Herriko Etxearekin harreman franko izaten dute herritarrek, bai eta herriko zerbitzu eta eskaintza andana jaso ere. Arrazoi horrengatik Kontseiluarentzat eta Euskal Konfederazioarentzat estrategikoak izan dira herriko etxeetako hizkuntza-politikak eta hainbat proiektu garatu izan dute bertan eragiteko.

Orain, Kontseiluak, Euskal Konfederazioarekin batera, proposamen berri bat jarri nahi du mahai gainean: Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan. Hain zuzen ere, herriko etxeek Protokoloak hizkuntza-eskubideak bermatzeko jaso zituen neurriak herriko etxeek aurrera eramateko moduko bide-orria. Bertan, hizkuntza-politikak jaso beharreko helburuak, mugarriak eta neurriak zehazten dira. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei aukera hori ahalbidetzeko garatu beharko litzatekeen bide-orria edo tresna da eskuartean duzun dokumentua.

Herriko etxeetatik garatu beharreko hizkuntza-politikek eremu publikoan euskara ahal bezainbat garatzea eta erabiltzea ekar dezake, herritarrari euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazioa azkartuz. Horretaz gain, ez dezagun ahantz, herriko etxeak bezalako administrazioek herritar euskaldunek dituzten hizkuntza-eskubideak errespetatzen laguntzen dutela. Hortaz, hemen aurkezten dugun dokumentuak erraztasunak eman nahi dizkie herriko etxeetan gobernatzen duten hautetsiei hizkuntza-politika ausartak martxan jarri ditzaten eta haiek ere eredugarri bilaka daitezen arlo horretan. Aipatu behar dugu gainera, Euskal Hirigune Elkargoak hizkuntza politikak garatzeko eskaintzen duen koadroa lagungarri dela Herriko etxeentzat. Herriko etxeek badituzte beraz aldeko
haizeak aitzina pauso anbiziotsuak emateko euskararen garapenean.

Egia da, bai, euskara ez dela ofiziala eta horren oztopo izaten segitzen duela. Egia ere bada euskararen garapena ziurtatzeko behar beharrekoa
den lege-babes koadroan aldarrikapen horrekin aitzina segitzeko asmoa adierazi duela behin eta berriz euskalgintzak. Halere, orain arte urrats interesgarriak egin dituzte zenbait herriko etxek eta etorkizunean urrats are ausartagoak egiten lagunduko die honako dokumentu honek.

Gainera, dokumentu hau lanerako eredu berri baterako tresna izatea era nahi dugu Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak. Gero eta gehiago entzuten da erakundeen eta gizarte eragileen aldetik politiketatik gobernantzarako jauzia egin behar dela, eta politiken definizioetan gizarte eragileen ahotsak pisu handiagoa izan behar duela. Zinez, uste dugu, Protokoloaren Garapena Herriko Etxeetan tresna lagungarria izango dela politikak beste modu batez egiteko, eta euskalgintzan ere prest gaude lankidetzarako bide berriei ekiteko.